Datozen ekainak 18 eta 19an G20-aren bilkura berri bat ospatuko da Mexikon. Bertan,Europar Batasuna eta munduko 19 estatu boteretsuenen gobernu-buruak elkartuko dira, arlo guztietan ondorioak dauzkan nazioarteko sistema ekonomikoari buruz eurek nahi dituzten erabakiak hartzeko eskubide osoa bailuten.
19 Estatu, non ezin den topatu Giza garapen indize baxuena duten 50etatik ezta bat ere. 19 Estatu, non Afrikar kontinentea osatzen duten 54etatik soilik bakarra topatu daitekeen.
Erabakiak hartuko dituzte, nola edo hala eredu sozioekonomiko hau betikotu eta iraunarazteko, gutxi batzuen etekin ekonomikoa izanik beti ere, arrakasta neurtzeko dutentresna bakarra. Alboratu egingo dituzte gehiengoaren bizi baldintzen hobekuntza eta ahaztu egingo zaie gure planeta mugatua eta finitua dela.
Bilkura antidemokratiko eta atzerakoi honi aurre egiteko erabakia hartu dugu. Hala ere, eraberdinean egin beharko genieke aurre, nazioarteko erakunde finantzieroek (MB, MME, NDF) hartutako erabakiei eta nola ez, espainiar edo europar instituzioek azken boladan hartu dituzten neurriei, banka, multinazional eta kapitalista handien alde eginez, eskubide murrizketak sustatuz, pertsonak baztertuz. Eredu ekonomiko, politiko eta sozial hau justifikatzen eta zilegitzen duen bonbardaketa mediatiko lotsagabeari aski dela esateko unea iritsi da, bai propaganda zuzenki edo zeharka estaliz jaurtikitzen digutenean.
Bilkura hau pairatzen dugun sistemaren krisi internazionalaren testuinguruan kokatuko da eta beraien sistema zaharrera itzultzeko ahaleginetan gailenduko da. Patriarkatuaren, kolapso ekologikoaren, ezberdintasun sozialen, mugarik gabeko hiper garapenaren, bizitza esklaboa eta kontsumismo eroaren, kultura uniformatizatuaren eta planetako populazioaren erdia zapalkuntzara, esplotaziora eta hiltzera kondenatzen duen beraien sistema zaharra.
Haien inposaketaren aurrean matxinatzea da gure apustua, krisi hau alternatiba kritiko baten bitartez gainditzeko. Alternatiba kritiko bat, sexu rolak gainditzen dituena, ekologikoki jasangarria, sozialki bidezkoa, ekoizpen eta kontsumo arduratsua, bertakoa eta lasaiarena,kulturalki irekia eta anitza eta denoi duintasuneko bizi baldintzak eskuratzen dizkiguna.
Honela, ikuspuntu lokal baino ikusmen global batetik abiatuz, gure herrialdean eredu berri baterako gogoetak, dibulgazioak eta eraikuntzak jarrai dezan, deialdia luzatzen dugu EREDU SOZIAL ALTERNATIBO BATEN ALDEKO GIPUZKOAKO I. TOPAGUNEA-rako, Donostiako Alde zaharrean ospatuko dena ekainak 17 eta 22 bitartean. Alor eta ibilbide anitzeko kolektibo ezberdinek tresna praktiko eta zuzenak jarriko ditugu mahai-gainean gure eguneroko bizitzan hiritarrak baliabideez hornitzeko eta gure bizi moduaz zuhaitz berri bat ureztatu dezagun. Beste balore batzuetan errotutako gizarte baten zuhaitza, alegia. Zure uraren zain gaituzu.